XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAUNAREN PIZTUERAKO PAZKO-IGANDEA.

PAZKO-GAUBEILLA

Pazko-Gaubeillaren ospakizun onetarako ba da leendik argitaratuta dagoen aldareko liburuska Pazko Gaua izenekoa.

Liburuska orretan ematen dira Pazko-Gaubeillaren liturgia berriko textoak.

Oarpen orokorra

Gau onetan gertakizun bakarra eta guztiz apartekoa ospatzen dugu eliztarrok: Kristoren Piztuera!.

Jainkoaren indarraz eta biziaz betetako gaua dugu gaurko au: Nazareteko Jesus gurutzean ildakoa, berriz ez iltzeko Aitak piztu zuen GAUA.

Irudiz eta keiñuz aberats dugu gau onetako elizkizuna: illunpea, argia, sua, argizariak, pazko-zuzia, elizbira, pazko-deia, irakurgaiak... dena onetarako: Jesukristok eriotzaren bizkar lortu duen garaipena ospatzen laguntzeko.

Elizaren eta gure izateak, fedeak, sakramentuek gau onetan dute beren sorburua; orregatik, gau santu eta argitsu au aundikiro eta biotz beroz ospatzera gonbidatzen gaitu Elizak.

ARGIAREN LITURGIA.

Suaren bedeinkapena

Kristok eman zigun bizi berria adierazten digu su berri onek; su ori bedeinkatu egingo dugu, munduko gauza guztiak Aitaren aintzarako eta gizon-emakumeen salbamenerako jarri bait dizkigu Kristoren piztuerak; denak Jainkoaren salbamen-ekintzarako bide dira: sua, ura, olioa, ogia, ardoa, izadi osoa....